BEHAKETA
Izaro González de Ibarra Uriarte naiz eta praktika hauek Deustuko Eskola Publikoko 2 urteko gelan egin ditut. Bertan 2 hilabete eman ditut Lourdes tutorea eta ume goxoekin. Aste hauetan zehar bi behaketa egin behar izan ditut ahozkotasuna lantzeko erabiltzen diren estrategiak aztertzeko. Behaketa hauek egunero egin ditut, baina 2. eta 6. astean egindakoetan kontzentratuko naiz batez ere. Praktikak hasi nituen lehen astean TXANOGORRITXUren ipuina lantzen ari ziren eta horrela eman dituzte asteak praktiketako azken asterarte.. Eta praktiketako azken astean, gabonak gerturatzen zeudela ikusita, OLENTZEROren ipuina lantzen hasi ziren. Baina beraz, 2. Eta 6. Astean egindako behaketetan Txanogorritxuren ipuina kontatzerakoan erabilitako ahozkotasuna aztertu dut.
Behaketa hauek korroan bertan kokatuta egin ditut. Umeak, irakaslea eta ni lurrean jesarrita korroa egin dugu, baina ni pixkat aldendu egin naiz, koadernotxo txiki batean notatxo batzuk hartu bainituen. Notatxo hauek hartzearen ondorioz ez nuen umeak arreta galtzea nahi, beraz, bigarren plano batean mantendu naiz.
“Umeak ume,
kontalariak kontalari
eta umeak isiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiilik”
Umeak irakasleak esaldi hori esaten duen bakoitzean badakite ipuinaren momentua heldu dela eta beraien arreta guztiz erakartzen du honekin. Umeak bazekiten Txanogorritxuren ipuina zetorrela, hori baita azken aldi honetan astero irakurtzen duten ipuina. Beraz, irakasleak liburua apaletik hartu eta ume guztiak gerturatu zaizkio irudiak hobeto ikusteko. Ipuin original bat izan da berak eredutzat gaur hartu duena, baina noiz baiten, praktika hauetan zehar, Txanogorritxuren beste formatu ezberdin batzuk ere kontatu dizkie, beti eredu berdina mantenduz. Umeak errutinak behar dituzte, hauekin ziurtasuna lortzen baitute, eta gainera ipuin berdina behin eta berriro kontatzen diezuenean, beraien plazera gero eta gehiago ziurtatzen duzu.
Ipuina 2 urteko gela honetan egunero egiten duten jarduera bat da. Patiotik bueltatu bezain pronto, korrora abiatzen dira eta bertan ipuin kontaketa hasten da. Momentu berezia benetan.
Ikerketa kualitatibo honetako diseinuan eraiki genuen bezala, hurrengo paragrafoetan diseinuan izendatutako ezaugarriak azalduko ditut.
Intonazioari dagokionez tonu ezberdinak erabiltzen ditu Lourdesek. Berak oso modu naturalean jolastu du intonazio aldaketa hauekin eta egoeraren kontrola duela erraz ikusi dut. Esperientziadun irakaslea da Lourdes, energia askokoa eta guztiz inplikatuta dagoena. Guzti honengatik eta bereziki energia maneiatzen duen erraztasunagatik intonazio joko bikainak egiten ditu. Gora eta behera aritzen da ipuin osoan zehar umeen arreta beti irabazten saiatuz.
Tonuarekin batera erabiltzen dituen pertsonifikazioak aipatu nahi ditut hemen. Pertsonaiaren arabera ahots eta tonu ezberdinak erabiltzen ditu eta oso abila da pertsonifikazio hauekin jolasten. Otsoaren tonua askoz grabea, astuna eta pisutsua, baxua eta behekoa den bitartean, amamaren tonua askoz ere agudoagoa, zorrotzagoa, altuagoa, bizkorragoa eta azkarragoa da.
Erritmoarekin ere asko jolasten du Lourdesek Txanogorritxuren ipuina kontatzean. Txanogorritxuren ipuina hasten denean erritmo natural batean hasi da, baina tentsioa hasten den momentuetan eta bereziki otsoarekin tentsioa dagoenean erritmo azkarragoa egiten du. Erritmoari dagokionez, nabarmenena otsoak “zu hobeto ikusteko/entzuteko/jateko” moduko esaldiak botatzen dituenen erabiltzen duen erritmo baxua da. Astiro hitz egiteko horrekin umeak tentsio-natu egiten dira eta urduritasun puntu horrek plazera eskaintzen die.
Ahozkotasunari dagokionez Lourdesek asko landu duen ezaugarri bat da hau. Erritmoa eta ahozkotasunaren eraginez, oso ipuin argia eta ulergarria izaten da. Ahozkotasun garbia eta fina dauka, eta ahoa ondo irekitzen daki ireki beharra dagoenean.
Umearen parte-hartzea Lourdesentzat oso garrantzitsua dela argi ikusten da ipuina kontatzen hasten den momentutik. “Ipuinak ipuin, kontalariak kontalari eta umeak isilik” esaten duenetik beraien parte-hartzea bultzatzen ari da, esaldi sinple honetan ume guztiak parte hartzen baitute ahal duten neurrian esaldi hau esanez edo aurpegiz irudikatuz. Beraien arreta beti erakartzen ari da eta ipuin amaieran ume baten batek jertse gorriren bat duen bilatzen du beti. Norbaitek jertse edo kamiseta gorri bat izatekotan, buruan ipini eta Txanogorritxu dela esaten dio. Umeak hunkitu eta emozionatu egiten dira eta benetan gozamenez bizitzen dute momentu hau. Ipuinean zehar beti daude begiratzen ia norbaitek jertse gorriren bat ekarri duen. Ipuin osoan zehar, galdera txikiak botatzen dizkie umeei eta horrela ere beraien parte-hartzea bilatzen ari da.
Gorputzaren mugimendua eta keinu fisikoen erabilera ere aipagarriak dira hemen. Lourdes oso irakasle energetikoa da eta gorputz bizi edo bizkorra dauka. Daukan tonuaren eraginez, gorputza osoa mugitzen du ipuin bat kontatzen duen bakoitzean. Bereziki ipuinean zehar kanta bat abestu behar denean. Gure kasuan hurrengo kantarekin Lourdes altxatu eta dantzatu egiten du beti “Txanogorritxu dut izena, amamaren etxera noa, amama ikustera!!” Gainera aurpegiko keinuak ere oso irudikagarriak eta grafikoak dira umeentzat, emozioak oso ondo islatzen baititu bere keinu fisikoen bitartez.
Honekin batera, irakaslearen jarrerari dagokionez, guztiz aktiboa dela onartu beharra daukat. Motibagarri eta eskuragarri azaltzen da ipuina kontatzen duenean eta energia kontagiatzen duelaren sentsazioa daukat. Guztiz adi egoten da ipuina kontatzen duen bitartean, eta umeetariko bat despistatzen den bakoitzean, adi egoten da mugimendu txiki edo begirada batekin berriro ipuinera bueltatzeko. Badakit batzuetan hau ez dela hain erraza izaten eta egunak eta egunak daude, baita umeak eta umeak ere. Batzuetan umeren bat guztiz deskontzentratuta dagoenean, hori onartzeko gai da, bere denbora eta espazio ere eskainiz. Guzti honekin batera, bere jarrera guztiz gertua eta maitekorra dela begi bistakoa da. Umeren batek egunen batean edo momenturen batean bere gainean esertzeko beharra edo nahi daukanean, berak era natural batean onartzen du eta bere beso beroak eskaintzen ditu.
Ipuinaren testuinguruari dagokionez, ipuina kontatzen duen bakoitzean Txanogorritxuren testuingurua azaltzen die. Egun hauetan Txanogorritxuren txotxongilo bat atera du eta antzerki txiki bat antzeztu die haurrei txotxongiloarekin. Besteetan, ipuina bukatzean, Txanogorritxu, amama, otso edo ehiztari bat margotu dute. Guzti hauetan, pertsonaien aurpegiak kendu eta haurren aurpegiak itsatsi ditu gero hau beraien ipuin pertsonalizatu bat moduan bueltatzeko.
Denborari dagokionez, beharrezkoa zaion denbora hartzen du ipuina kontatzen duen bakoitzean. Esan nahi dudana erlojura begira dabilen irakasle bat ez dela da. Aldiz, ipuinaren barruan mantentzearen abilezia dauka, batzuetan horrek denbora kontzeptua galdu egin arren. Hori bai, Lourdes intuitiboa da eta berak argi ikusten du noiz bukatu behar duen ipuina umeen jarreren arabera. Beraz, ipuinari eskaintzen dion denborari dagokionez Lourdes guztiz malgua dela esan beharra daukat.
.
No hay comentarios:
Publicar un comentario